Erabateko arrakasta Igartubeitiko Sagardo Asteak
Urtero bezala, Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea ospatu du. Hamaika egunetan zehar, urriak 5etik 15era arte, bisitariek XVI. mendean sagarra zanpatu eta sagardoa lortzeko erabiltzen zen sistema ikusi dute. Ekitaldiak bisitari ugari izan du, alde batetik aurten iraupena zertxobait luzatu delako eta, bestetik, Pilarika zubia aldi berean izateak beste komunitate batzuetako bisitariei Igartubeitira gerturatzea erraztu dielako. Bisitari hauen artean katalanak nabarmendu dira, baina madrildar, valentziar, kantabriar eta aragoar asko ere izan da.
Sagar zanpaketaren inguruan ekimen berriak egin izanak ere eragin zuzena izan du Sagardo Asteak izandako arrakastan.
Ekimen berri hauen artean, herriko bizilagunek Igartubeiti baserrian bizitako Kortabarria familiaren bost kideak irudikatuz egindako antzezpena aipa dezakegu. XVI. mendeko jantziak soinean eramanaz, baserria erakutsi diete bertara gerturatu diren bisitariei. Baserriko eguneroko bizitzaren xehetasunak kontatu dituzte eta beraien bizitzaren eta lanen inguruan hitz egin dute. Bisitari gazteenek baserriko sukaldean ogia egiteko aukera izan dute etxeko andre Kattalin Kortabarriarekin batera.
Azpimarratzekoak dira, horrez gain, lehenengo asteburuan, urriak 7 eta 8, Jo ala Jo Arizkungo elkarteak egindako ikuskizunak. Emanaldi hauetan, sagarra zanpatzeaz gain, sagar jotzea egin zuten pisoi edo mazoekin. Lan erritmoak sortzen duen soinuari Kirikoketa deritzo eta Txalapartaren aurrelaritzat hartzen da. Antzinako baserrietan ohikoa zen lan hau zuzenean ikusi ahal izan zen Igartubeiti Baserri Museoan, sagardo lanaren inguruko ohitura zaharrak ikertu eta berreskuratzen dituen kultur elkarte honen eskutik. Dolarea martxan jarri ondoren, elkarte honek baserria girotu zuen txalaparta, txistu eta danbolinarekin.
Baserriko atarian ere berritasun bat aurkitu ahal izan dute bisitariek: sagar erakusketa. Irailaren 21ean ireki zen erakusketa honetan, bisitariak harrituta gelditu dira Ezkio-Itsasoko herrian hazten diren 73 sagar mota desberdin ikustean.
