Inoizko bertsolaririk onenen itzalean hasi da Nafarroako sagardo denboraldia
Inoizko bertsolaririk onenen itzalean hasi da Nafarroako sagardo denboraldia
Lesakako Lindurren Borda sagardotegian egin zuten Nafarroako sagardotegi denboraldiaren irekiera ofiziala atzo eguerdian. Hainbat bertsolari, kirolari eta jende ezagun bildu zen bertara, lehen «txotxa» egin behar zutela-eta sagardo berria dastatzera. Adituen esanetan, uzta laburra izan den arren, kalitate oneko sagardoa izango da.
LESAKA
Hainbat lagun bildu zen atzo Lesakako Lindurren Borda sagardotegira, Nafarroako Sagardogileen Elkarteak duela zenbait urtetik hona egiten duen sagardo denboraldiaren irekitze ofiziala ospatzeko.
Asteazkenean Astigarragako irekieran jakin genuenez, 1.200.000 litrotik gora ekoitzi dituzte aurten, eta horietatik 200.000 litro inguru Nafarroan egindakoak dira atzo ezagutarazi zutenez.
Aurtengo sagardo uzta «laburra» dela adierazi zuen Domingo Penak, Nafarroako eta Bizkaiko Sagardogile Elkarteetan lanean aritzen den etnologoak. Sagarren kalitatea ona izan den arren, uda bero samarra izateari egotzi zion uztaren nolakotasun hori. Alkohol mailari dagokionez, aurtengo sagardoak zazpi gradu inguru dituela nabarmendu zuen etnologoak, «normalean behar lukeen baino gradu bat gehiago gutxi gorabehera». Era berean, uda «nahiko argia» izateak sagardoa koloretsuagoa izatea eragin du.
Normandiako eta Bretainiako sagarrak ekarri dituzten arren, %50-60 bertako sagarra dela gogorarazi zuten Nafarroako sagardogileek. Aurtengo sagardoa bi hitzetan definitzeko eskatuta, «zapore betekoa» dela adierazi zuen Penak. Eguneko protagonista nagusia sagardoa izan bazen ere, bertsolaritzak garrantzi handia izan zuen, bertan bildutako bertsolari andanaz gain, upelek Xalbador, Txirrita, Uztapide, Enbeita, Arozamena eta beste hainbat bertsolari handiren izenak baitzituzten. Hainbat jende ezagun bildu zen Baztango kirikoketari, txistulari eta txalapartariek alaitutako jaira: Nagore, Tirapu eta Arbizu pilotariak, Marta Mendia jauzilaria, Jan Urban futbolari ohia, Larretxea anaiak, Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta EHNE sindikatuko lehendakari Fermin Irigarai, besteren artean.
Gara 2007-01-14
