Sagardoa edateko garai txarrik ez dago, baina bai sagardoa egiteko. Sagardotegietako garaia ireki egin berri dute, eta eskualdeko sagardotegietan edan daitekeen zuku berezia nolakoa izango den azaldu dute hainbatek.

Denok argi uzten dute sagardoaren kalitatea sagarraren kalitatearen araberakoa izango dela: argi dute ere, aurtengo sagarra «ona» izan dela; «ona» dela esatearekin, baina, ezagutzen ez duenak ez daki zer esan nahi den: «Kolore polita eta kalitate onekoa» da sagarra, «nahiz eta beranduago iritsi egindako udazkena lehorrarengatik», sagardotegikoek esan bezala.

Sagardo on bat zein den galdetzean, Leitzako Erreka sagardotegiko jabearen aburuz, «kolore ona daukana eta eztarritik ongi pasatzen dena» da sagardo ona, nahiz eta ondoren aitortu ere, «ardoa nahiago» duela. Nafarroako sagardotegi honetara Gipuzkoako sagarra daramate, Astigarragatik, zehazki. «Batzuk, hala ere, sagastiak ere badituzte».

Azkenaldian sagardotegiek badirudi ospe handiagoa dutela, baina gure artean urte asko daramatzate, eta ospe berdintsuarekin gainera. Eguzkitza sagardotegikoak zioenez, «azkenaldian, alkoholemia kontrolekin nabaritu da igoera ere: jendea mugitzeko beldur da orain, isunen eta arriskuen beldur».

Sagardoaren inguruan

Sagardoa gero eta ezagunagoa da munduan, baina Euskal Herrian ez da bakarrik egiten: sagardotegietara joaten den jendeak, ordea, hauetara joateko 4 hilabeteko epea izaten dute, nahiz eta urte osoan zehar sagardoa edateko aukera izan: «Jendeak urte osoan zeharreko zerbait ez delako bisitatzen ditu sagardotegiak», Leitzako Errekakoen ustez. Beste ikuspegi bat dauka Eguzkitzakoak: «Sagardotegiek sozializatzeko aukerak ematen dituzte, jende ugari ibiltzen da, zutitu egiten zara eta giroa egoten da. Jatetxe batean sagardoa egon daiteke, baina ez giro hori: parekoarekin eta ondokoarekin hitz egiten duzu bakarrik».

Upel handietan dagoen sagardoa botila txikietan eraman dezakegu etxera, eta lagun artean edan ere, sagardotegien antzera. Faltako dena, ordea, txotx hitzak mahai ingurukoengan duen indarra eta alaitasuna izango da. Jaso ditzagun basoak, bada, txuleta xamurra bultzada gozo batez irensteko, eta ondoren denon artean kantak abesteko.

Tolosaldeko Hitzan jasoa 2007-01-19