Rock garratza eta pop gozoa nahastuta Sagarrondotik musika freskoa edateko
Jaialdiaren bosgarren urteurrena dutela eta, musika ortzadarra osatzeko ahalegin berezia egin nahi izan dute Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteko kideek. Horretarako, Sagarrondotik berezia prestatu dute Hernanin, Julieta Venegas mexikarra izar duen hamar talderen partaidetzarekin. Eta ezer falta ez dadin, oraindik indarge ez baldin bazaude, herri kirolak igande goizez Urnietan. Musika eta upategi franko da egunotan «sagardoaren lurraldean”.
Entzuna genuen poetarik kaskarrena ontzen duela ardoak. Era berean, edozein jaialdi alaitzen du sagardoak. Horretarako, ahalik eta festa freskoena lortzeko, ahalik eta «sagar» mota ezberdin gehien upelaratu dituzte aurten antolatzaileek, Sagarrondotik edozein musika joerako ikus-entzuleen gustukoa izan dadin. Hamar talde, erdiak etxekoak eta kanpotarrak besteak, burua astintzeko rocka eta gerria mugitzeko rolla, salto egiteko dantza musika eta elkarri heltzeko popa, gazteleraz, ingelesez zein euskaraz emana, bihar eta etzi. Ez da proposamen interesgarririk falta Julieta Venegas mexikarra buru duen afixa ezin eklektikoagoan. Azter ditzagun, bada, egunez egun.
Bartzelonara aldatutako gipuzkoarrek ekingo diote jaialdiari. Laukote zarauztar modernoa dugu Delorean eta, antolatzaileek aurtengo «ustekabea» izan daitekeela dioten arren, jo ta su aritu izan da orain arte edozein oholtzatan zoroaren pare dantzan jarduteko ezin aproposagoa den «Into the Plateau» azken lan luzea aurkezten. Milurtekoarekin batera sortutako taldeak «Silohuettes» debuta plazaratu zuen 2001ean Underhill disko etxearekin, eta taldearen izen bereko bigarren lan luzea, «Metropolitan Death» ep-a eta «Into the Plateau» gero, azken hirurak Katalunyako B-Core disko etxean.
Skalariak ere etxeko taldea dugu. Nafarrek hamar urte beteko dituzte errepidean eta, 500 kontzerturen ondoren, ziklo bat itxi eta Hernanin ekingo diote «Ska Republic» bira berriari, Gor disko etxearekin «Skalariak 1997-2002» ska bilbuma argitaratu ostean. Gero, Galiziara abiatuko dira.
Etxeko uztarekin bukatzeko, bueltan diren beteranoak. La Inconsciencia de Uoho izen xelebrepean Iñaki Anton «Uoho» eta lagunak ageri zaizkigu, besteak beste Platero y Tu eta Extremoduron rocka egin ondoren taldearen izen bereko estreinako lana plazaratu berri dutenak, horretarako propio sortutako Muxik disko etxean. Hau izango dute, gainera, lehenengo zuzenekoa, eta bihar bigarrena etxean, Bilboko Kafe Antzokian.
Aurrekoekin zerikusi gutxi du James Taylor aparteko tekla- jotzailearen laukoteak. Hogei urte eta beste horrenbeste disko daramatza festak berotzen Kent-eko morroiak. Labetik atera berria den azken lanean, «Leslie Overdrive», ohiko groove eta funk soinuak ekarri dizkigu hammond organoaren laguntzaz. Biharko gaua indartsu bukatzeko, The Bond Scott Band. Izenez bere okatzarrean itota hildako AC/DC taldeko abeslaria omentzen duen talde kataluniarra australiarren doinuak leialtasun osoz eskaintzen dituen tribute band-a dugu, rock grinatsua maite dutenentzat ezin aproposagoa.
Afixa eklektikoa
Ostiral ikaragarriaren ondoren, kasu larunbatari. Bi etxeko talde baino ez, biak Bilbo ingurukoak. Zea Mays taldeak ere oharkabean hamar urte beteko ditu aurten, beti pauso irmoak emanez. Azkena, Oihukarekin plazaratutako «Sortuz, grabitatearen aurka» elektrikoa. Antolatzaileek aspalditik buruan zuten taldea omen da latinez artoa izendatzen duen Zea Mays taldea, eta Hernanin izango dira disko berria prestatzen dabiltzan Ruben, Piti, Asier eta Aiora. Bizkaitarra dugu Atom Rhumba seikote cool-a ere, zuzenean beti aho bete hortz uzten gaituena. Munster disko etxearekin hiru lan luze eta ep bateko bide oparoa itxi ostean, Oihuka disko etxean argitaratutako «Amateur Universes» ezinbestekoa dute rock’n'roll aberatsez jantzitako azken lan biribila.
Kanpotarrei dagokienez, gurean aski ezaguna den ijitoa. Raimundo Amador gitarra-jotzaile trebeak Sagarrondotiken lehenengo jaialdian parte hartu zuen 2003an, besteak beste Kiko Veneno aspaldiko lagunarekin batera, eta bertan izango da bost urte geroago, bluesa eta flamenkoa maisuki nahasteko. Oraingoan, tartean Pepo Bao (O’funk’illo) musikariak osatzen duen Maneta de Kamioneta hirukote berriak babestuko du anaiarekin batera Pata Negra sortu zuen sevillarra.
Ondoren, izar mexikarrak gozatuko dizkigu belarriak, eta Herrialde Katalanetako ordezkari, gurean gero eta ezagunagoak diren Obrint Pas valentziarrek agurtuko dute jaialdia. 1993an sortu zen taldeak dolcaina valentziar musika tresna erabiltzen du hardcorea, reggaea eta ska nahasteko eta bost disko argitaratu ditu 45 Revolucions disko etxe propioan, azkena 2005ean zuzenean hartutako «En Moviment!». Apirilean bira ederra egingo dute Europan zehar, hasi Pragan eta Berlinen bukatu.
Eta Mexikotik, «La milagrosa». Horrela esaten omen diote Julieta Venegas mexikar neskatoari. Xarma handiko musikari gozoa dugu akordeoiaren laguntzaz aritzen den Julieta. «Me Voy» eta «Andar Conmigo» sonatuen egileak hiru lan luze behar izan zituen arrakasta lortu eta gurean ezagun egiteko.
Julieta Venegas Percevault mugaren beste aldean, Kalifornian, jaio zen duela 36 urte, eta Tijuanan hezi hogeita bi urte zituela hiriburura, Mexikora, joan zen arte. Umetatik musika ikasketak egina, Euskal Herrian ezagunak ditugun Tijuana No talde gogorrean eman zituen lehenengo pausoak bakarlari gisa hasi baino lehen. Duela hamar urte «Aquí» izeneko estreinako lan malenkoniatsu eta iluna plazaratu zuen, Guillermo Santaolalla argentinarrak ekoiztua -gerora «Brokeback Mountain» filmeko kanta batekin Oscar sari bat irabazi zuen musikaria-. Bigarrena ere, «Bueninvento», BMG Ariola disko etxe boteretsuarekin eman zuen.
Aurrenekoa baino rockeroagoa, espero baino gutxiago eman zuen aurrekontu potoloa zuen lanak. Aurreko bien aldean baikorra zen hirugarren lana, «Si». Hemen artista berri bat ageri da, maitemindurik dagoen neska atsegina. Esan dugun legez, lan honek zabaldu zuen mundura Julieta, milioi erdi disko saldu eta gero. Arrakasta akordeoiak gozotutako baltseoekin lortu badu ere, ohikoagoa du musika gogorragoa lantzea mexikarrak, izan hip hop, izan rock edo elektronikaz zipriztinduriko doinuak joz irribarrerik galdu gabe. Aurrekoaren ildo berekoa den arren, horren freskoa ez den lana, «Limón y Sal» laugarrena, aurkeztuko digu etzi, Ipar eta Hego Amerikara joan aurretik. Upelak zai ditugu Sagarrondotiken. Txotx!
Fitxa
Data: Bihar eta etzi, larunbata.
Lekua: Hernaniko Karabel auzoko karpan (Landare errugbi zelaiaren parean).
Ordua: Bihar, 21.30ean eta larunbatean, 21.00etan.
Sarrera: Egun bakoitzeko 21/24 euro.
Bi eguneko bonoa, 36 euro.
Biharko taldeak: Delorean, Skalariak, The James Taylor Quartet, The Bon Scott
Band, La Inconsciencia
de Uhomo.
Larunbateko taldeak: Orbin Pas, Atom Rhumba, Julieta Venegas, Maneta de Kamioneta eta Raimundo Amador eta Zea Mays.
